EGA azterketako ahozko proba egin behar duzue, laster, zuetako askok. Gipuzkoan, azaroaren 21 eta 22an egingo dira, ostirala eta larunbata. Emaitzak abenduaren 10ean argitaratuko dira, eta bost eguneko epea egongo da erreklamazioak jartzeko. Behin-betiko emaitzak abenduaren 23an argitaratuko dira.

HABE azterketako idazmen proba egin zenuten zuetako beste askok, eta aste honetan (ostegunean) argitaratuko dira emaitzak. Adi egon, gaindituz gero, mintzamen proba azaroaren 28tik abenduaren 5era izango duzue-eta. Hemen duzue egutegia.

Zorte on!

Donostiako 318 establezimendutan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz artatuak izateko aukera bermatuta daukate herritarrek. Donostiako Udalak denda eta tabernetan euskara sustatzeko abian jarritako “Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz” kanpainarekin bat egin dutenak dira horiek. Mapa interaktibo batean kokatu dira establezimenduak, jendeak jakin dezan non egin dezakeen euskaraz.

Gainera, #ereeuskaraz lehiaketa jarri dute martxan sare sozialetan, eta partehartzaileen artean 50 euroko 10 sari banatuko dira.


Informazio gehiago,  hemen

Donostian euskararen berreskurapen osoa lortzeko, Udalak 2015-2019 epealdirako erronkak, helburuak eta lehentasunak ezarri nahi ditu. Euskararen Plan Orokorra diseinatu nahi du, eta horretarako prozesu parte hartzaile bat jarriko du abian 2014ko azarotik 2015eko urtarrilera bitarte. Informazioa jaso eta ekarpenak egiteko webgunea sortu dute.

Larunbatero, azaroaren 15a arte, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen bulegoak Donostiako oroimen historikoaren ibilbideak eskaintzen ditu, 1936ko estatu kolpeko eta ondorengo diktadura frankistako gune garrantzitsuak ezagutzeko. Ibilbide horiek San Telmo Museotik hasiko dira.

Ez da aurrez erreserbarik egin behar, 10 minutu lehenago San Telmo Museora hurbiltzearekin nahikoa da, baina taldeak mugatuak izango dira. Ordu eta erdi inguruko bisitak dira, eta hiru euroko prezioa dute. Sarrera horrekin, gainera, museoa bisitatzeko aukera ere izango da.

Hemen informazio gehiago

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko diru laguntzak ematen dizkie donostiarrei edo donostiarrak ez izanda ere bertan lan egiten dutenei.

Diru laguntza hauek HABEk homologatutako euskaltegiek eta zentroek emandako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroetan parte hartzeagatik ematen dira.

Eskabideak aurkezteko epea: 2014ko  irailaren 15etik azaroaren 15era (biak barne)

Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta informazio gehiago hemen.

Eutsi euskarari eta arraun!

Udaran ere euskara praktikatzeko aukera paregabea eskaintzen du Donostiako Bagera elkarteak, mintzalagunak egitasmoaren bitartez. Aste honetan bukatuko da izen-emate epea, uztailean, abuztuan edo bietan egitasmo honetan parte hartzeko.

Datorren astean hasiko dira taldeak biltzen, beraz, aprobetxatu eta eman izena lehenbailehen! Ikasle moduan parte hartu nahi izanez gero, ikasle fitxa bete behar duzu. Eskatzen den gutxieneko maila da 6.urratsa. Bestalde, dagoeneko euskaraz badakizu, eta astean ordu bete libre badaukazu, laguntzaile fitxa bete dezakezu, eta euskara ikasten ari direnei lagundu.

Epea ireki da falta den dokumentazioa osatzeko, 2013-2014 ikasturtean euskara ikasteko dirulaguntza eskatu dutenentzat, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan. Epea irekita egongo da ekainaren 13ra arte. Dokumentazioa osatzen ez duena dirulaguntzatik kanpo geldituko da.

Zerrenda honetan ikus dezakezu dokumentu edo daturen bat entregatzea falta zaizun edo ez. Dirulaguntza hauek 2013-2014 ikasturtean euskara ikasten aritu direnentzako da.

Dirulaguntza jasoko dutenen behin-behineko zerrenda uztailaren 28an argitaratuko da. Informazio gehiago jasotzeko jo Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko webgunera edo telefono honetara: 943 483750.

Kurtso bukaeran gaude dagoeneko, eta urteroko ohitura onak alde batera ez uzteko, aurten ere txangoa antolatu dugu. Datorren asteartean, ekainak 10, Segura eta Idiazabalera joango gara.

Asteartean, goizeko 09:30ean Gipuzkoa plazan jarri dugu zita. Nahi duen guztia etor daiteke, baina horretarako lehenbailehen eman behar da izena euskaltegiko bulegoan.

Animatu, ederki pasako dugu-eta!

Mintza Eguna, Euskal Herri osoko mintzalagunen jaia, maiatzaren 31n izango da Izarran (Araban). Izarra Urkabustaiz herrian dago, Arabako Gorbeialdean. Biztanle gutxi dituen herria izan arren, astero 30 lagun elkartzen dira mintzalagun taldeetan. Beraiek dira egun hau antolatu dutenak, herriko beste eragile batzuekin. Donostiako Bagera elkarteak bertara joateko autobusa jarriko du.

Egun osoko festa izango da. Hona hemen programa:

11:00 Ongi etorria eta hamaiketakoa plaza berrian.
12:00 Beluntzako ur jauzietara mendi ibilaldia, edo jolas Mintzodromoa. Aukeran!
13:30 Mintza kalejira bertsolariekin.
14:30 Bazkaria plaza berrian*.
16:30 Mintzalagun taldeetan ahalegin berezia egiten duten zenbait kideri sari banaketa.
17:30 Erromeria Parradust taldearekin.
22:00 Kontzertuak gaztetxean.
* Eguraldi txarra izanez gero bazkaria frontoian izango da.

Bertara joan nahi izanez gero, aprobetxatu Bagera elkarteak jarritako autobusa. Izena emateko 28 euro sartu behar dira Bagera elkartearen kontu korrontean (30350092570920042476) eta This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbidera zure izen abizenak eta kontakturako telefonoa idatzi. Autobusa 09:00ak aldera aterako da Donostiatik.

Olatu Talka iritsi da Donostiara. Asteburu honetan zientoka ekitaldi izango dira Donostia osoan, eta euskarak ere izango du bere txokoa bertan.

Olatu Talka egitasmoaren barruan antolatutako ekitaldiak maiatzaren 23an, 24an eta 25ean, eta ekainaren 1ean egingo dira, hiriko txoko guztietan. Horien artean, euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimen bat anolatu da: Euskararen plaza. Maiatzaren 25ean egingo da, goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean, Easo plaza ondoan. 6 postu jarriko dira hainbat ekintza egiteko, eta euskaltzale guztiak bertan biltzera deitu dituzte antolatzaileek.

Bestalde, Olatu Talkaren barruan antolatu diren gainontzeko ekitaldien berri izateko, egin klik hemen.

Egiako Euskara Astearekin batean, erakusketa bat jarriko da Egiako kultur etxean, maiatzaren 19tik 25era bitartean, hizkuntza zapalkuntzaren memoriaren inguruan.

Euskal Memoriak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute erakusketa, Donostia Kulturaren eta Udaleko Giza Eskubideen Sailaren laguntzarekin. "Euskara ospeletik eguterara. Hinkuntza zapalkuntzaren memoria". Erakusketaren asmoa da euskararen zapalkuntza ezagutaraztea eta gogoratzeko bidea eskaintzea. Era berean, kontakizun hau denen artean osatzen segitzeko aukera eman nahi du: “Euskararen kontrako jazarpen iraunkorra agerian utzi, euskaldunek jasandakoa haien ahotan ezagutarazi, eta zapalkuntza horren lekukotasunak biltzen segitzeko bidea jartzea da honen helburua. Memoria guztion artean jostekoa baita”.

Bestalde, erakusketarekin lotuta hitzaldia emango du David Anautek hilaren 23an, 18:30ean Egiako kultur etxean. Anautek idatzi du "Euskararen kate hautsiak" liburua. Horrekin batera, dokumental bat ere jarriko dute.

Informazio gehiago, www.euskaraz.net webgunean.

Azterketetan sartuta gaude bete-betean.

Gaur bertan, HABEren entzumeneko eta irakurmeneko ulermen probak egiten hasi gara, euskaltegian bertan. 10era arte ariko gara proba hauek egiten, maila guztietan. Emaitzak maiatzaren 15ean jakinaraziko dira. Proba horiek gaindituz gero, maiatzaren 17an egin beharko duzue proba idatzia. Hona hemen proba hori egiteko datak eta lekuak.

Bestalde, EGA azterketako proba idatziaren emaitzak, aste honetan argitaratuko dira, ostegunean. Egutegian zehaztutakoaren arabera, erreklamazioak egiteko epea maiatzaren 14ra arte egngo da zabalik. Ahozko probak, berriz, hil honen bukaeran egingo dira. Xehetasun guztiak aurkituko dituzue hemen.

Animo!

Kultura Zientifikoa sustatzeko I Ikasle Topaketa egingo da datorren maiatzaren 8an, Donostiako Carlos Santamaria Zentroan, 9:00etatik 14:00etara. Ainhoa Ezeizak eman digu honen berri, lehenago Legazpi 6 euskaltegiko irakasle izandakoak. Doakoa dela azpimarratu du, eta animatzeko deia luzatzen du.

Jardunaldi honen helburu nagusia da zientziaren ikuspegi transdiziplinarra erakustea, ikasleen begietatik, ikasleek zientziaren garapenean duten garrantzia azpimarratzeko. Gonbidatu gisa, entzuleen artean ikertzaileak izango dira; zientzia dibulgatzaileak, komunikabideak eta ikerketa-taldeetako koordinatzaileak. Aukera bikaina izango da gure lurraldean euskaraz zientzia nola lantzen den ikusteko!

Eguneko behin-behineko programa argitaratu dute, eta baita izen-ematea ere.

Poltisko Antzerkiaren Jaialdia ospatuko da maiatzaren 2tik 18ra bitartean. Hau da, formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunak ikusi ahal izango dira, doan, Donostiako erdiguneko eta zenbait auzotako taberna eta lokaletan.

Horietako ikuskizun batzuk euskaraz izango dira. Batetik, Seiru taldearen 'Markesa Loukost'. Honek, hain zuzen, Euskarazko Poltsiko Antzerkia Saria irabazi du. Pertsonaien barne gatazkak modu umoretsuan azaleratzen dituen antzezlana da honakoa. Maiatzaren 9, 14, 15 eta 18an ikusi ahal izango da, iluntzeko 20:00etan, Loiolako Arduben, Antiguako Dokan, Amarako Via Foran eta Egiako Bukowskin, hurrenez hurren.

Oihan Vegaren 'Euskararen espektakulue' izango da beste antzezlan bat. Umorea eta sarkasmoa erabiliz, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu bakarrizketa dibertigarri eta ironiko honekin, musikaz, kantuez eta zineaz lagunduta. Maiatzaren 4an Loiolako Apitxi tabernan ikusi ahal izango da, 20:00etan; maiatzaren 8an, Groseko El Muron, 21:00etan; maiatzaren 9an, Añorgako Jolas Etxean, 22:30ean; eta maiatzaren 15ean Intxaurrondoko Sidi-Kaukin, 20:30ean.

Maiatzaren 8an, berriz, 20:30ean Egiako Beti Bogan Ion Martinezen inrpobisazio eta bakarrizketa saioa ikusi ahal izango da: 'Txikiren umorezko bakarrizketa: mil a zien. Baietz parrez lehertu!'

Azkenik, Ramon Agirre eta Inaxio Tolosaren 'Kokakola eta barea' famatua ikusi ahal izango da maiatzaren 8an, 20:00etan Intxaurrondoko jatetxe makrobiotikoan; maiatzaren 11n, 20:00etan Egiako Bukowskin; maiatzaren 16an 20:00etan Altzako El Nidon; eta maiatzaren 18an, 19:30ean Igeldoko Itxas Aurre kultur etxean.

Informazio gehiago aurkituko duzue Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan.

Lan eta lan etengabe, baina oporrak ere hartu behar! Eta horixe egingo dugu euskaltegian.

Datorren astearen hasieran klaseak izango dira oraindik, astelehen, astearte eta asteazkenean. Baina, ostegunetik aurrera itxi egingo dugu, eta Aste Satuko oporrekin gozatuko dugu. Apirilaren 28an itzuliko gara klaseetara.

Bitarte horretan, ondo pasa! Eta ez galdu aukera, oporrak ere euskaraz pasatzeko!

Plan borobila dugu aste honetan euskaltegian. Bai horixe! Antzerkia eta sagardotegia! Animatzen?

Asteazkenean antzerkian izan ginen, Borobil Teatroaren ON EGIN! antzezlana ikusten. Antzezlan umoretsua, goxoa eta familiartekoa. Euskara eta gaztelania nahasten ditu, eta oso aproposa izan da gure lehenengo urratsetako ikasleentzat.

Osteguneko plana, berriz, ez da ez, makalagoa! Urtero bezala, sagardotegira joango gara ikasle, irakasle eta ikasle ohiak, elkarrekin. Aurtengoan, Zelaia sagardotegira joango gara. Animatu, eta eman izena euskaltegian lehenbailehen!

Apirilaren 12an aukera izango da Urumea ibaian barrena kayakean ibilaldia egiteko; euskaraz, noski. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta ARRAUNING.COM enpresak antolatutako ibilaldia izango da, Donostiako San Telmo Museoan dagoen "Ura, ibaiak eta herriak" erakusketarekin lotuta antolatutakoa. Gehiago ere izango dira, aurrerago.

Ibilaldiak ordu eta erdiko iraupena izango du, 16:30etan hasita, eta 5 euro ordaindu behar dira. Aurretik izena eman behar da www.arrauning.com helbidean. Ibilaldia gidatua izango da, eta hainbat gauza ikusi eta ikasteko aukera izango da: zer diren eta non dauden estuarioak, ibaia, ekosistemak, padura, ertzetako landaredia, itsas-basoa, landare inbaditzaileak, ibaiko biztanleak (arrainak, hegaztiak, ugaztunak...), fauna inbaditzailea, uholde eta mareak...

Hurrengo ibilaldien inguruko informazioa nahi izanez gero, egin klik hemen.

Euskal-dantza tradizionalen erromeria antolatu dute maiatzaren 17rako Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Udaleko Musika eta Dantza Eskolek. Egun horretan herri-dantza lehiaketa ere egingo da, adin guztietako jendearentzat, eta izen-ematea irekita dago, jada.

Erromeria, esan bezala, maiatzaren 17an egingo da, 18:30ean hasita Konstituzio plazan. Egun horretan herri-dantza lehiaketa ere egingo da: 12 urte artekoek arin-arina dantzatu beharko dute; 12 urtetik 55 urte bitartekoek, berriz, fandangoa; eta 55 urtetik gorakoek jauzia. Bagera elkartearen webgunean entzun eta ikusi daitezke erabiliko diren kantak eta araudia.

Izena eman ahal izango da erromeria egunera arte, This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it. helbidean, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako web orrietan, edo izen emate orri hau bete eta Bagera Elkartean, Musika Eskolan edo Udaleko Txistularien egoitzan entregatuta.

Martxoaren 26an, hain justu, irekiko da HABEko azterketak egin ahal izateko izen-emate epea, eta apirilaren 2ra arte egongo da zabalik. Horretarako HABEren webguneko ikasleen sarbidean sartu behar da. Lehenengo aldiz sartzean, erabiltzaile izena eta pasahitza norberaren NAN zenbakia izango da, letrarik gabe. Matrikulak 30 euro balio ditu.

Onartuen zerrenda apirilaren 4an argitaratuko da. Azterketak, berriz, maiatzean hasiko dira. Entzumen eta irakurmen probak euskaltegian bertan egingo dira maiatzaren 6tik 10era, idazmen probak maiatzaren 17an egingo dira, eta ahozkoak, ekaina bukaeran. Maila bakoitzari eta proba bakoitzari dagokion ordutegi eta lekuak egutegian zehaztuta daude.

Euskararen erabileran nola eragin eztabaidatu eta pentsatzeko, euskararen egoeraz eta bere berreskurapenaz hausnartzeko eta soziolingusitikaz zertxobait ikasteko aukera izango da datorren martxoaren 18tik aurrera, San Telmo Museoan antolatu diren soziolinguistika saioetan.

Saioak hilean behin egingo dira, astearte batean, 19:00etatik aurrera. Solasaldietan edonork har dezake parte, eta siao bakoitzerako gai bat hautatuko da. Gai hori parte-hartzaileen artean aukeratuko da eta eskema, gidoi eta irakurgaiak banatuko dira saioa aurrez prestatu ahal izateko. Joxe Manuel Odriozola izango da dinamizatzailea, eta, tarteka, euskararen inguruko adituak gonbidatuko dira saioetara.

Informazio gehiago lortzeko Bagera elkartearen webgunera jo edo deitu: 943467181.

EGAko idatzizko probak egingo dira martxoaren 8an eta 15ean. Abizenen arabera banatu zaio azterketa egin behar duen bakoitzari ordua. Hemen dituzue probintzia bakoitzeko azterketa ordua eta lekua. Gipuzkoari dagokionez, EHUko kanpuseko Ignacio Maria Barriola eraikinean egingo dira probak, 08:45etan hasita; Atik Irako abizenak dituztenek martxoaren 8an, eta Jtik Zrakoek martxoaren 15ean.

Notak maiatzaren 8an argitaratuko dituzte, eta erreklamazio-epea maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik.

EGA azterketako atariko proba egin zuen zuetako askok lehengo astean, eta aste honetan emaitzak aterako dira, ostiralean. Hauek behin-behinekoak izango dira, eta erreklamazioak jartzeko aukera izango da martxoaren 5era arte. Behin-betiko emaitzak martxoaren 7an argitaratuko dira.

Behin atariko proba gaindituta, martxoaren 8 eta 15ean egingo dira idatzizko probak, eta hauen behin-behineko emaitzak maiatzaren 8an argitaratuko dira. Onoren, erreklamazio epea irekiko da, eta ahozko probak maiatzeko azken bi asteburuetan egngo dira. Egutegi osoa ikus dezakezue hemen.

Hil honetatik aurrera merkatari eta ostalarientzako euskara klaseak emango dira, Donostiako Euskara Zerbitzuaren eta hiriko merkatarien eta ostalarien elkarte eta federazioen eskutik. Matrikulazio-epea zabalik dago otsailaren 12ra arte.

Ikastaroak bi helburu nagusi ditu. Batetik, aipaturiko gremioetako langileek euskara ikasteko lehenengo urratsak ematea, bezeroekin euskaraz aritu ahal izateko. Bestetik, euskara dakitenentzat, hizkuntza-ezagutza eta idatzizko komunikazio-gaitasuna zabaltzea.

Izen-ematearen inguruko xehetasun gehiago jakiteko, eta eskabide-orria eskuratzeko, jo Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzura (Konstituzio plaza, 2 behea, 9:00-14:00) edo www.merkatari.net edo www.euskaraz.net webguneetara.

Hiztegi berri bat jarri du martxan Euskaltzaleen Topaguneak, euskaratik beste 35 hizkuntzatara eta alderantziz erabil daitekeena. Hiztegi hori online bisita daiteke, eta inprimitzeko aukera ere ematen du: www.hiztegitxoak.eu.

Gero eta gehiago dira inguruan entzuten ditugun hizkuntzak. Hiztegi berri honek hizkuntza horietara gerturatzen lagunduko digu, eta, era berean, beste hizkuntzetako hiztunek euskara ikas dezaten balioko du. Horregatik, oinarrizko hiztegi bat da sortu dena, 330 hitzek osatua. Oraingoz, 35 hizkuntza kontsulta daitezke: ingelesa, txinera, hindia, danesa, alemana, txekiera, poloniera, hassaniera, kitxua... Baina edonork du aukera hiztegira hizkuntza berri bat gehitzeko. Modu horretan, euskara hizkuntzen arteko zubi bilakatuko da. Horrelaxe azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko teknikari Mikel Ozaitak Euskadi Irratian.

ANTIGUA: Guridi Maisua z/g 20008 Donostia | ALDE ZAHARRA: Kanpandegi 1 20003 Donostia | Tel. 943 219 907 | This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Garapena: Kultur Atelier eta BIT&MINA