2013-2014 ikasturterako matrikulazio-epea irekita egongo da irailean zehar, eta euskara ikasteko ahalegina egiten duzuen ikasleak laguntzeko, dirulaguntzak emango ditu Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Dirulaguntza horiek irailaren 16tik azaroaren 8ra eskatu ahal izango dira.

Dirulaguntzak emango zaizkie urritik aurrera hasiko diren ikastaroetan izena ematen duten ikasleei, ondorengo baldintzak betetzen badituzte: 16 urtetik gorakoa izatea, Donostian erroldatuta egotea edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo zerbitzu enpresa batean lan egitea, euskaltegi batean matrikulatzea, eskabidea behar bezela betetzea eta epe barruan aurkeztea, eta ikasturte amaieran gutxienez urrats bat gainditu eta %85eko asistentzia egiaztatzea.

Eskaera egiteko Euskara Zerbitzura jo behar da (Konstituzio plaza 2). Edo ziurtagiri elektronikoa duten herritarrek (NAN elektronikoa, Izenpe...) on-line egin ahal izango dute eskaera www.donostia.org edo www.euskaraz.net webguneetan.

Bestalde, Euskara Zerbitzuak dirulaguntzak emango dizkie, baita ere, 2014ko otsailetik ekainera bitarteko ikastaroetan, barnetegietan, auto-ikaskuntza ikastaroetan eta udako ikastaroetan izena ematen duten ikasleei. Dirulaguntza hauek jasotzeko eskabideak ikastaroa hasi eta hilabetearen barruan egin beharko dira.

Era berean, langabetuek ere izango dute aukera euskara klaseak doan jasotzeko, eta izena emateko epea zabalik dute dagoeneko, irailaren 20ra arte.

Dirulaguntza guztien berri jakiteko jo Euskara Zerbitzuaren webgunera, eta arretaz jarraitu "Euskara, zure sare sozialik onena!" kanpaina.

ANTIGUA: Guridi Maisua z/g 20008 Donostia | ALDE ZAHARRA: Kanpandegi 1 20003 Donostia | Tel. 943 219 907 | This email address is being protected from spambots. You need JavaScript enabled to view it.

Garapena: Kultur Atelier eta BIT&MINA